Conferencias

OINARRIZKO ERRONKAK KRISTAUENTZAT ETA ELIZARENTZAT MUNDU GLOBALIZATU BATEN AURREAN

Gure inguru sozio-kulturalean kristautasun politiko baten proposamena nagusitzen zen bitartean, zeinak agintearekiko tentsioan eta aliantzan, erlijiorako guneak eskatu eta borrokatzen zituen, Hegoamerikan eta beste lurraldeetan kristautasun “ebanjeliko” baten proposamena agertzen ari zen, zeinak, Jainkoaren pobreekiko lehentasunezko hautuarekin bat eginez, toki bat bilatzen zuen pobreentzat munduan; halaber, azken horrek pobreen eskubideak aldarrikatzen zituen eta askapen osoko proiektu batean lagundu nahi zien. Lehenengo proposamenak, hain politikoa izateagatik, ebanjelikoa ez dela agertu du. Bigarrenak, ebanjelikoa delako, guztiz politikoa dela erakutsi du, hau da, eragin historiko eta sozial nabarmena duela, baita erlijiozkoa ere.

Bigarren korronte honetako ordezkari ezagunenetako eta onartuenetako bat da Leonardo Boff teologo brasildarra. Concordia hirian jaioa, 1938. urtean, 27 urte zituela, eliz ikasketak bukatu zituen Petropolisen eta apaiz egin zen, frantziskotar ordenaren barrenan, 1965. urtean. Geroztik Evaristo Arns kardinalak animatu zuen ikasketak atzerrian zabaltzera, beraz, hurrengo bost urteetan Munich-en, Oxford-en, Würzburg-en… ibili zen, garaiko irakasle handien eskoletan. 1970. urtean “Eliza sakramentu bezala” gaiari buruzko doktoretza-tesia bukatu zuen, garai hartan irakasle eta lagun zuen Joseph Ratzinger-en zuzendaritza pean. Brasilera itzuli zen gero, eta han lan eskerga egin zuen irakasle eta argitaratzaile (Vozes, Brasilgo argitaletxe katoliko nagusia zuzentzen), apaiz (fabelen eta pobreen munduarekin harreman zuzenean) eta idazle lanetan. Teologia produzitzeko duen gaitasuna izugarria da: bere lanak, sail honetan, 70 liburu inguru dira, teologia sistematikozko alor guztiak aztertzen dituztenak: metodología teologikoa, kristau-antropologia, Jainkoa, Kristo, Eliza, Sakramentuak, eskatologia, etab.

Zailtasunak lehenagotik bazetozen ere, “Iglesia: carisma y poder” izeneko liburua argitaratzean Fedearen Irakasbiderako Kongregazioarekiko arazoak larriagotu ziren; denok ezagutzen dugu gauzak nola bukatu ziren. Azkenean Rio-ko Unibertsitateko Erlijioaren Etika eta Filosofia katedrara aurkeztu eta eskuratu zuen. Alor horietan obra batzuk argitaratu ditu, eta ekologiaren garrantzia azpimarratu du.

PONENTE
INFORMACIÓN DE LA CONFERENCIA
This site is registered on wpml.org as a development site.