Ze hezkuntza eredu behar dugu? Nola erlazionatu hezkuntza hori ezinbesteko den aldaketa ekosozialarekin? Zer egin dezakegu sendietan, zer eskolatan, zer hiritar elkarteetan horra iristeko? “Hezkuntza orok munduaren irudi bat du bere erraietan eta bizi egitasmo bat erreklamatzen du”, idatzi zuen Octavio Pazek. “Zenbat eta mundu ikuskera zehatz baten sozializazioan areago joaten den, hainbat eta oldarkorrago ekiteko orduan”, erantsi zuten, beren aldetik, mugimendu sozialetan teoriko eta ekintzaile diren Donatella Della Portak eta Mario Dianik.
Kultura kapitalistak proposatzen dituen ez bezalako bizi helburuak izango dituzten pertsonak hezi ezean, ez dago gizartea aldatzeko modurik. Elkarte eta mugimenduen bidez garatuko den barneko niaren eta aktibismo sozialaren arteko harremana sortzen lagundu behar diegu, haurtzarotik bertatik hasita, ume, mutiko zein neskato, nerabe, gazte eta adinduei. Barnekotasunaren eta izpiritualitate pertsonalaren heziketari heldu behar diogu, eta bizitza estiloekin eta gizabidezko kompromezuekin harremanetan jartzen asmatu behar dugu heziketa hori. Moral pertsonala eta dastamen estetikoa ere lantzen jakin behar dugu arte ederren praktikaz baliatuz. Ezin da gizarte ekologiko bat burutu, autokontentzioaren kultura bat bizitzeko gauza den ni ekologiko baten jabe egiten ez bagara.