Negua nabarmen gogortzen ari da Elizaren baitan eta planeta osoan. Ulertzekoa da adoregabezia nonahi hedatzea, mehatxuak gero eta ugariago direlarik eta indarrak gero eta urriago. Baina ez da lantutan eta eliza barneko liskarretan indarrak xahutzeko garaia.
Ebanjelioaren muina berreskuratzeko garaia da, bizitzeko eta iragartzeko garaia: ontasunaren zoriona, EZ esateko ausardia, gupida sendagarria, erruaren eta zigorraren logika gainditzea, Jainkoa Funtsezko Ontasun gisa berriro aurkitzea, erlijiozko mugen ezabatzea, mintzairaren berritzea…
Hazi txikian eta orantza ikusezinean fede izateko ordua da. Adoregabezian elkar hartu eta bidean jarraitzeko tenorea da, “ezkortasunak garai hobeetarako utziz”. “Zenbat eta mehatxuak ugariago, hainbat eta salbamena handiago” dela egiaztatzeko tenorea. Casaldaliga profetak esan zuen bezala, “kausa garaiezin baten galtzaileak gara”.