Frantzisko Aita Santua bultzatzen ari den berrikuntzaren ardatz nagusiak honako hauek jarraitzen dute izaten aukeratua izan zenetik bost urte igaro ondoren ere: pobreen zentralitatea, aitasantutasunaren “aldaketa”, Batikanoko kuriaren erreforma, elkar hartutako gobernugintza bat bultzatzea, eta erlijio desberdinekiko hurbilketa. Guzti horri, gainera, erantsi behar zaizkio: moral sexualaren sakoneko berrikusketa, gazteen presentzia (eta aldentzea) elizan, lurraren zainketa (ekologia), eguneroko bizitzari lotutako santutasuna eta pedofiliaren erauzketa. Ebanjelioaren lehenengo eta oinarri oinarrizko egia den errukiaren argitik ari da guzti hori egiten. Ez zaio aurre egiten dion eta benetan borrokarako dagoen gutxiengorik falta Eliza Katolikoaren baitan. Ez zaio, ordea, ezta, bere proiektu berritzailearekin bat etorririk, erabaki zehatz batzuk hartzen ez hartzeagatik kritikatzen duenik ere falta. Adibidez, gotzaien izendapenean parte hartzeko biderik irekitzen ez duelako. Erabaki hori hartuko balitz, gogoratzen da, Pedroren aulkian dagoenak ez luke, esate batez, oraintxe bertan Txilen ezagutzen ari den estuasunik jasan beharrik izango. Edo ta, bestaldetik begiratuta, kristauen parte hartzea bultzatuko litzateke bere elizetako bizitzetan.