Gosea da gizateriaren problema larrienetako bat. 820 milioi pertsonak sufritzen dute egunero. Malnutrizioak 5 urtetik beherako 150 milioi umeri eragiten die munduan. Bitartean, nekazaritzako produkzioaren soberakin asko eta asko suntsitzen edo galtzen dira etengabean.
Elikagaiak ez dira merkatuko salgai hutsak, askoz ere gehiago dira; ez dira pertsonek ezinbestean behar dituzten ondasun hutsak, baizik eta balio kulturaleko produktuak, garrantzi estrategikoa dutenak. Enpresa transnazional handiek kontrolatutako merkatuek eta produkzio estentsiboa eta esportazioa biltzen duten elikadura-politikek ondorio larriak dituzte.
Nekazari herrien krisia eta haien hustea fenomeno unibertsala da. Horren ondorioz, herrien nutrizio-kulturak desagertzen ari dira, eta elikatzeko ohitura berriekin lotutako gaixotasunak azaltzen.
Munduko herritar guztiek dute Elikadurarako subiranotasunerako eskubidea. Herriak eskubidea dute nekazaritzako produkzio eta merkaturatze politikak erabakitzeko; herritarrek eskubidea dute zer jaten duen eta hori nork eta nola produzitzen duen jakiteko; herrietan nekazaritzatik bizi diren pertsonek eskubidea dute politika eta prezio justuak definitu eta negoziatzeko.