Gizartea eta bizitza fede-begirada batez aztertzen aritu garen mende laurdenaren ondoren, ilusio berarekin edo are handiagoarekin ekin diogu ibilbide berri bati, jaio gineneko helburuei eta mistikari leial izaten saiatuz betiere.
Gure “kristautasuna eta gaur egungo mundua” izenak guztiz baliagarria izaten jarraitzen du gaur egungo eta etorkizuneko garaietarako, hau da, errealitatea aztertzen eta begiratzen jarraitu nahi dugu, gure kristau ikuspegitik eta bizitzen ari garen garaietako zeinuen arabera.
25 urte hauetan denbora ez da alferrik pasatu. Gizartea, errealitate osoa bezala, dinamikoa da, eta aldaketa asko izan dira bere baitan, eta aztertzen jarraitu beharko dugu. Bizi izandako historia ospatu nahi dugu, orainaldi honetatik eta etorkizunari itxaropentsu begiratuz.
Ospakizun topaketa hau hiru partetan egituratu dugu: lehenbizikoan jatorriari begiratuko diogu “Gogoa Foroa” sortzeko erabili ziren printzipioak berreskuratzeko. Horrela, eta mami horrekin, bigarren parte batean, bizi izandako historiari buruzko ibilbide bat eginen dugu, antolatzaileen, bertaratutakoen, hizlarien eta gizartearen testigantzak bilduz. Hirugarren partean, etorkizunari begiratu, eta “Gogoa Foroa” nora nahi dugun joatea hausnartu nahi dugu ozenki.
Amaitzeko, ospakizun guztietan bezala, musikarako tartea utziko dugu, festa honi amaiera bikaina emateko.
Guillermo Múgica, Roberto Oiz eta Txemi Pérez izanen dira –Gogoa Foroko kideak hasieratik– ibilbide honetan zehar gidatuko gaituztenak, baina beste pertsona eta erakunde batzuen testigantza pertsonal ugari ere izanen dugu.
Historia ospatzeak garai berrien zeinuak ezagutzeko aukera emanen digu, eta bilaketa-bide berrietatik abiarazi. Elkarrekin polikiago ibiliko gara beharbada, baina urrutirago iritsi ere bai.
Gogoa Foroaren 25. urteurren ona opa dizuegu.