Conferencias

MAHAINGURUA: “ETXEBIZITZA ETA HIRIGINTZA: EZTABAIDA SOZIAL BAT”

Hizlariak: SIGIFREDO MARTIN, VICENTE TABERNA (arkitektoak) eta GREGORIO URDANIZ (soziologoa).

Berriz ere etxebizitza. Konstituzioak etxebizitza duin eta egokiaren eskubidea aitortzen du, baina gure gizarte oparoetan, non hezkuntza edo osasuna bezalako arloen beharrak betetzeko aurrerapen handiak egin diren, etxebizitzaren arazoa konpondu gabe dago oraindik.

Komeni da eskaria eta beharra ez nahastea, hala ere etxebizitza eskuratzeko zailtasuna berriz ere agertzen ari da iritzi-azterketetan hiritarrei gehien kezkatzen zaien arazo bat bezala. Izan ere, 1996-2000 urte bitartean, etxebizitzaren balioa %40an igo zen gure herrian. Eta Iruñean, gure hirian, etxebizitza berrien prezioa %17,3an igo zen joan den 2001. urtean, 8 puntu herrialde-hiriburuetako bataz bestearen gainetik. Erdi mailako diru sarrerak dituen familia batek bere errentaren %40a ordaindu behar du etxebizitza arrunt bat erosteko. Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskaintza eskasa da eta horien sustapena iragartzen den bakoitzean eskatzaileen ilara luzeak antolatu ohi dira. Are eta urriagoa da salneurri eskuragarritan ateratzen den alokatze-etxebizitzen eskaintza. Gizarte egoera larri horren aurrean, horra hor milaka etxebizitza hutsik, gutxi batzuek lurrarekin egiten duten espekulazioa eta, beharrik izan gabe, eskuratu duten Babes Ofizialeko Etxebizitzaren deskalifikazioa sarri lortzen dutenak, negozio egiteko.

Dagoeneko ezin daiteke etxebizitzen inguruko politikarik diseinatu hiriaren planifikazioa, lurraldearen ordenazioa eta hirigintza-politikak kontuan hartu gabe. Birpentsatu behar dira lur-jabegoaren eta etxebizitzaren eskubideak eta lortu legeek eta agintari publikoek propietatearen funtzio soziala kontuan har dezatela. Baina, halaber, hiri eredu orekatu bat definitu eta kudeatu behar da. Kontua ez da eraikitzeko lur-eremua liberalizatu eta gero eta gehiago zabaltzea, izan ere guztiok ikus dezakegu lurraren merkatua gutxi batzuen esku dagoela eta horiek prezioak jarri eta merkaturatzen diren loteak erabakitzen baitute beren interesen arabera. Egin behar dena zera da: etxeak zaharberritzea eta lurra mugatzea beharrei begira, lur-eremuen oreka bilatuz, azpiegitura berrien beharrak gutxituz eta, ahal den neurrian, urbanizatu gabe dagoen lur-zoruaren kolonizazioa eta erasoa saihestuz.

PONENTE
INFORMACIÓN DE LA CONFERENCIA
This site is registered on wpml.org as a development site.