Conferencias

Nazioarteko segurtasuna, terrorearen kontrako gerra baino askoz gehiago

George W. Bush-en gobernuak eta bere aliatuek nazioarteko segurtasunaren agenda terrorearen kontrako gerrara mugatzeko erakutsi duten obsesioaren aurrean, gertakariek erakusten digute aurre egin behar diegun mehatxuen eta arriskuen zerrenda hagitz zabalagoa dela eta, halaber, azken garai hauetan eman zaizkien erantzunak ez bide dute ekarri terrore hori geldiarazteko espero genukeen emaitza. Horrela, esate baterako, VIH/HIESAren zabaltzea bezalako arazoek segurtasunari buruz dugun definizioa birplantearazi beharko ziguketen. Izan ere, orain arte nazioarteko segurtasuna Estatuen segurtasuna bezala planteatu baita, eta ez, ordea, gizakia gure ahaleginen helburua izan beharko litzatekeela kontuan hartuz.

Nazioarteko segurtasuna planteatzeko ikuspegi berriak “Gerra Hotza” deitutakoaren bukaeraz geroztik hasi ziren. Indar nuklearraren bidezko mehatxuak eta armen metaketak euren jabeari segurtasun gehiago ematen diotela uste duen pentsamendua alde batera utzi zen, egonkortasuna galarazten zuen armen-lehia bultzatzen zuelakoan, baina gatazken sorreretan dauden beste arazo batzuk bazterrean utzi ziren aldi berean. Segurtasun kooperatiboa edo segurtasun konpartitua bezalako kontzeptuak atentzio-gune bilakatu ziren nazioarteko politikaren arloan.

Ingurunearen hondatzea, pobrezia, bazterketa, pandemiak, biztanleriaren mugimenduek dakartzaten ondorio ezegonkorrak, narkotrafikoa, krimen antolatua, legez kanpoko merkataritza eta, nola ez, nazioarteko terrorismoa eta suntsipen handiko armen ugaltzea nazioen gobernuen eta nazioarteko erakundeen agendara igaro ziren.

Amerikako Estatu Batuetan, gaur egun munduan dagoen potentzia bakarrean, gobernua indarberritua atera da pasa den azaroko hauteskundeen ondoren; eta garai batean gainditutzat eman ziren eskemetara itzultzea proposatu du. Unilateralismoa, nazioarteko eskubidearen eta bere kudeatzeaz eta aplikatzeaz arduratzen diren erakundeen bazterketa, tresna militarren protagonismoa, eskubide eta askatasunen murrizketa, diskurtsoaren sinplifikazio izugarria (gaizki deitutako terrorismo islamiarra irabazi beharreko etsai gisa aurkeztua), itun instrumentalak ezartzea mota guztietako gobernuekin, baita balio demokratikoekin edo giza eskubideen aplikazioarekin konpromisorik ez duten gobernuekin… Laburbilduz, atzerapauso izugarri bat gainbehera etorritako eskemen bila.

PONENTE
INFORMACIÓN DE LA CONFERENCIA
This site is registered on wpml.org as a development site.