Emakumeak Jesusen jarraitzaileen artean jokatutako paperaren eta lortutako lekuaren gaia ez da emakume “matraka” batzuek bart sortu duten auzia. Hasiera hasieratik izan da gai eztabaidatsua, Maria Magdalenaren oroimenak erakusten duen moduan.
Magdalako Maria pertsonaia ospetsua izan da hasierako kristautasunean. Garai haietako eta garai guztietako kristau elkarteek gogoan izan dute beti. Bere oroitzapena Jesusen, Pedroren, Feliperen, Juanen edo Andresen oroitzapenei lotua gelditu da. Hainbat aldaketa jasan izan zituen, baina, bere oroitzapen horrek kristau oroimen kolektiboaren eraikuntzaren bilakaeran. Lehen kristau elkarte haiek, hala nola geroagokoek ere, bide baten bila eta galdezka bizitako tentsioen, problemen, interesen eta jarreren aztarnak ageri dira aldaketa horietan. Irakaspenekin, lidergoarekin, kanpokoen aurrean eman beharreko irudiarekin, inkulturazioarekin…, emakumearen aginte eta lekuarekin zer ikusia zuten problema eta tentsio horiek. Bere oroitzapenak izandako aldaketa erabakigarria izan zen hastapenetako eztabaida haietan, eta hala jarraitzen du izaten gure egunetan ere.
Kontakizun ebanjeliko kanonikoetan jasotako oroitzapenetatik eta horiek duten garrantzitik hasi, lehen mendeetako apokrifo deitzen diren idazkietatik igaro eta gaur bertan oraindik ere ezberdina izaten jarraitzen duen oroimeneraino ekarriko duen ibilaldi bat egiten saiatuko da hitzaldia.