16/12/2002

FEDEAREN TRANSMISIOA GAUR EGUNGO GIZARTEAN

FEDEAREN TRANSMISIOA GAUR EGUNGO GIZARTEAN

Fedearen transmisioa, mendebaldeko kristau tradizioko herri gehienetan krisi larrian dagoena, Elizaren eta kristau elkarteen kezka nagusienetako bat da. Gure herrian krisi hori deskribatzen duten ikerketa soziologiko aunitz egin dira. Krisi hori, egoera historiko guztiak bezala, Jainkoaren agerkunderako toki berezia da eta kristau bizitza garbitzeko eta indarberritzeko aukera bat ere bai.

Jainkoari buruzko gogoetaren bidez, erantzun posible batzuetara iristeko hainbat bide ondorioztatzen dira. Argigarri horiek fedea komunikatzeko krisia bizitzen laguntzen digute; alde batetik, ezin dezakegula krisia alde batean utzi, existituko ez balitz bezala, gogoratzen digute baina, bestaldetik, kristau elkarte batzuek euren etorkizuna itxia ikustean bizitzen duten estuasun edo kulparen sentipenaz askatzen gaituzte. Premiazkoa da bai sekularizazioari, bai fede-ekintza pertsonalari, begirunezko jarrera erakusten dieten prozedura berriak aurkitzea.

Egiazko kristau tradizioaren arabera, trasmititzen dena Kristo bizia da, garai guztietan garaikidea dena, eta molde estu batean, behin betiko finkatua, harrapatu ezin daitekeena, lehengo sinestun-belaunaldietatik jasotako tradizio mugiezin bat balitz bezala. Tradizioa berriz sortzen ari da, etengabe, fedearen elkarkidetasun-esperientzietan, eta orainaldia iraganetik bereizten da iraganeko esperientziak orainaldian berinterpretatuz. Izan ere, tradizioaren katea hausturen jarraipen berreraikitzaile bat baino ez da.