Boterearen errealitatea saihestezina eta determinatzailea da. Gizakiak garen aldetik, beraren aurrean ezin dezakegu alde egin, ezta bere ondorioak eta inplikazioak saihestea ere. Gaur egun bereziki, boterea erabiltzeko modu batzuek sortzen dituzten eragin larriak direla eta, utzikeria nabarmena litzateke hiritarrek ez balute boterearen aurrean duten erantzukizunari buruzko galderarik egingo.
Baina, posiblea da gaur egungoa baino herri parte-hartze handiago batez pentsatzea? Posiblea da hori politika mundu ofizialaren aurrean gero eta kezka handiagoak ditugun honetan? Eta, lehenago oraindik, posiblea da, benetan, horrelako parte-hartze bat auzi publikoetan? Zein dira parte-hartze horien mailak? Zein dira gaur egun erabil daitezkeen legebideak eta zein euren mugak?
Eugenio del Riok, parte-hartzea demokrazia-bizitzarako ezinbesteko baldintza dela sinetsita, politikarekiko jarrera kritikoa eta, aldi berean, konprometitua bultzatu nahi du. Gaiari buruzko iraganeko ideia batzuk berrirakurriz baina orainaldian zentratua, hizlariak sistemaren hutsune eta akatsen aurrean kokatuko gaitu, hainbat tokitan dauden parte-hartzerako dinamika berriak azalduko dizkigu eta, bide batez, elektronikak ireki dituen aukerak –bere arazo eta baliabideekin-… aurkeztuko digu. Azken finean, jokabide konprometitua eta kritikoa eskatuko digu.
Azkeneko bi adjektibo horiek bat egiten dute Eugenio del Riok izandako ibilbide profesionalarekin. Urteak iragan ahala bere jatorrizko bizi aukerak eta iritziak mantendu ditu amore eman gabe (gaur egun ez da normala horrelako jendea aurkitzea). Hala ere, errealitateari leial izanik, izaera irekia mantendu du, dogmatismoetatik urrun, eta bere buruari galderak egiteko gaitasuna mantenduz.