Gaitza hor dago, bere modu desberdinetan, halabeharrezko, eta beti mingarri eta sarri trajiko. Gutako bakoitzaren, gizon nahiz emakume, baitan dago, eta gure inguruan. Hain zaigu zenbaitetan trinko eta setiatzaile agertzen, gure bizialdi horiek bere mende daudela iruditzen zaigula. Zer dela eta gaitza? Non du bere iturburua? Ba ote du zentzurik gaitza ulergarri bihurtzeak? Ulertu nahi izaten duen giza adimenarentzat erronka bat izan da gaitza problema izan den neurrian. Gizakiaren izaerak berezko duen mugatasun edo finitudea ulerpenerako abiapuntu bezala agertzen zaigu ibilbide honetan. Gaitzaren nola halako halabeharrezkotasunaz hitz egiten digu, horrela, horrexek eraman zuen, agian, Apostolua “ez dut nahi dudan ongia, nahi ez dudan gaizkia baizik egiten” esatera. Eta horrexek exijitzen digu, baita, hemen behean, mundu perfektuen ameskeriei uko egitea. Zer orduan? Apustua irabazi ote digu, ba, gaitzak aldez aurretik? Markatzen eta guztiz menderatzen gaituen gaitz absolutu baten aurrean al gaude, orduan? Non geldituko lirateke kasu horretan autonomia, askatasuna, erantzukizuna eta giza etika baten ahalbidetzea bera. Eta guzti honen garrantzia erabakigarria bada, ezin esan gutxiago direnik honen ondorioak Jainkoaren, eta erlijioaren beraren, ulerpen, irudi eta bizipenerako. Jadanik klasiko bihurtu diren bi adibide jartzearren: Auschwitz ondoren ezin dela gehiago Jainkoaz pentsatu eta hitz egin ordu-arte bezala, esan da. Eta, gaurko munduko milioika biktima pobretuen aurrean, nolaz esan dakieken Jainkoak maite dituela, galde egin da. Azken finean, eta gaitza aurrez aurre izanda, nor da, izan ere, Jainkoa?