Laster 25 urte beteko dira Mons. Romero hil zutenetik eta, duela gutxi, 15 urte bete dira Ignacio Ellacuría eta bere lagunak, Julia Elba eta Celina langileekin batera, hil zituztenetik. Bi urteurrenak eta euren esanahi sakona ospatzeko Jon Sobrino, nazioarte mailan dagoen Askapen Teologiaren egile sendoenetako bat, Iruñera etorriko da.
Eta aipatutako bigarren urteurrena dela eta, Sobrinok bere azken lana aurkeztuko digu: “Cartas a Ellacuría” (1989-2004)”, TROTTA argitaletxeak prestatua. Jon Sobrinok, bere lagunen heriotzaren urteurrenean, San Salvador-eko UCAko kaperan urtez urte irakurri dituen gutun irekien edo homilien bildumaz osatzen da edukia. Lan horrek Ellacuría-ren pertsona aztertzen du gehienbat, bere izaera gizatiarra eta kristaua, ezkutatuenetatik hasita –Jainkoarekiko eta Jesusekiko zuen fedea-, baina, halaber, harengan esanahi berezia izan zuten errealitate ikusgarriei kasu berezia eginez,: “Pobreen Eliza, pobreziaren zibilizazioa, Romero Apezpikua, martiriak, […], justiziaren alde eta injustiziaren kontrako borrokaren funtsezko arazoa, egiaren alde eta gezurraren kontrakoarena, askatasunaren alde eta zapalketaren kontrakoarena, biziaren alde eta heriotzaren kontrakoarena”. Eta Jonek zera gehitzen du: “erraz iduri dezake baina, ene ustez, bai adimenak eta bai praxiak hartu behar zuten norabidea argitu zigun. Edonola ere, gai horiek Ignacio Ellacuriaren oinordetzarik jatorrenean daude. Eta uste dut oraindik ere guztiz beharrezkoak direla”.