Hitzarmen Ekonomikoaren edo Itunaren ereduak zuzenbidean ezagutzen den finantza-autonomiaren mailarik handiena ematen dio estatu baten mendeko lurralde bati. 178 urteko historian zehar, itunean eta Estatuarekiko aldebikotasun-harremanean oinarritutako finantzaketa-eredu gisa finkatu da. Nafarroaren eskumen fiskala gainerako autonomia-erkidegoena baino zabalagoa da, baita Ogasunarena baino handiagoa ere. Foru Ogasunak ia zerga guztiak kudeatzen eta biltzen ditu, eta, horrela, bere aurrekontuak finantzatzen, Estatuari parte bat ordaindu ondoren, karga orokorrei eta lurraldeen arteko elkartasun-mekanismoei eusteko. Horrek guztiak oso erantzukizun fiskal handia dakar.
Lurralde berean bi zerga-subiranotasun aldi berean egoteak arau jakin batzuk behar ditu, subjektu pasiboak edo zergapeko egitateak banatzeko edo esleitzeko modua zehatz erabakitzeko. Arau edo lotura-puntu horiek ez dute beti erabat lortzen beren helburua, eta, kasu horietan, bilketen finantza-doikuntzak aplikatu behar dira Hitzarmenak berak ezartzen dituen formulen bidez. Hitzarmen Ekonomikoak oinarri juridiko sendoa du, bai Espainiako Konstituzioan (Lehen Xedapen Gehigarria), bai Forua Hobetzeko Lege Organikoan (Estatuarekiko finantza-harremanen sistema Hitzarmenarena dela xedatzen du), bai Hitzarmen Ekonomikoaren Legean bertan.