Halako aldaketak ekarri dizkiote gizakiari, azken urteetan, aurkikuntza teknologikoek –bizitzaren zientzietan eman direnek baitik bat-, harreman sozialek eta praxi politikoak, mundializazioak, eta teknologien eta komunikabide sozialetan eman diren iraultzak, “zibilizazioaren krisiaz” ere hitz egin dezakegula.
Gizakiaz eta bizitzak berak lukeen zentzuaz birpentsatzen jartzeko ordua iritsi dela uste du Josep Ramonedak. Zer gertatuko da bizitzaren teknologi berri horiek giza gorputzean egitera iritsi daitezkeen guzti hori egiten badute? Zer da onargarri eta zer ez guzti horretan? Non jarri mugak eta non ezingo da ezta jarri ere tresneria teknikoen izaeragatik beragatik? Pentsamenduaren nozioraino bertaraino garamatza guzti honek. Denbora azkartu zaigu eta adierazteko erak ez gutxiago. Gauzek bere denbora behar dute, pentsatzeak berea behar duen bezala. Inprimategira zuzendutako burutazioak izan ala twiterera zuzendutakoak ez da gauza bera. Ramonedak ohartarazten du: “Demokrazia tresna ahula da totalitarismo guztien sorburuan aurkitzen den aginte gehiegikeriari aurre egiteko”, eta axolagabekerian murgildu eta “kzl” gizabanakoak -kontsumitzaile, zerga-ordaintzaile eta lehiatzaileak – bihurtu nahi gaituzten kasta politiko, ekonomiko eta mediatikoen aurka hura defendatzera dei egiten digu. Europaren nekeaz eta kultur-aniztasuna edo identitate baztertzailea bezalako gaitzei aurre egiten ez badiegu Europa museo zoragarri bihurtzera eraman dezaken etsipenaz ere ohartarazten du Ramonedak. Kontua ez litzateke idealen mundua amestea, kontsumoak dakarren alienazioaz, industrializazioak sortzen duen beldurraz eta komunikabide zahar eta berriek gizakiaren portaeran duten eraginaz eztabaidatzeko enparantza berri bat eraikitzea baizik.