Conferencias

JAINKOAREN AUZIA ETA BIKTIMEN DESAFIOA GAURKO EGUNETAN

Biktimez hitz egiten jarritakoan, ETA edo GAL datozkigu gure artean burura. Alemanian biktimez hitz egiten jarritakoan, Auschwitz etortzen zaien bezala. Filosofoek, beren aldetik, historia aipatzen dute biktimez hitz egiten jarritakoan, Joseph Conraden “ Ilunpetasunaren bihotzean” eleberrian Marlow kapitainak egiten duen modura: Kolonietako esplotazio ankerrari zor diotela beren ongizatea esaten die kapitainak bere solaskide asebeteei.

Hitz egiteko era guzti horiek izango ditut kontuan. Biktimak ez du errurik. Arrazoiz galde egin dezake, beraz, injustiziaz. Biktimak egon badaudenez, munduko gaizkiaz, errugabearen sufrimenduaz, galde egitera behartuak gaude.

Gizaki orori dagokion galdera da. Garbi ikusi zuen Dostoyewskik hura idatzi zuenean: “Ume xalo baten malko bakarra gehiegizko prezioa da unibertsoaren harmonia ordaindu behar bada ere”. (Inkisidore Handiaren Legenda liburuan). Jainkoarentzat ere hala da. Hortaz dihardu Joben Liburuak. Liburu dramatiko honek errugabearen mina jartzen du agerian, aitzakiarik gabe jarri ere, sakontasunez, kutsu tragiko bati uko egin gabe ia ia. Bi jarrera desberdin antzeman ditzakegu liburu horretan. Batetik, Job Jainkoari zuzentzen zaio: errugabe ikusten du bere burua eta Jainkoari aurpegiratzen dio bere gaitz guztien azken erantzukizuna. Bestetik Joben lagunak daude. Gizakiaren erantzukizunaren aldera lerratzen dute hauek galdera. Jasan ezina da kristauentzat Joben jarrera. Munduko gaizkia, horregatik, gizakiari botatzen diote bizkarrera. Gizakiaren erantzukizuna uka ezina dela aitortuz, Jainkoa errugabetzearen aldeko joera honek gaur oraindik ordaindu behar ditugun ondorioak nola ekartzen dizkigun agertzen saiatuko naiz. Errugabearen sufrimenduaren injustiziaren sakontasuna neurtzeko orduan, guztiz kontutan hartu behar dugu Joben jarreraren handitasuna.

PONENTE
INFORMACIÓN DE LA CONFERENCIA

ARCHIVOS MULTIMEDIA

This site is registered on wpml.org as a development site.