Munduko pobrezia dela eta zenbait datu irakurri eta berrirakurtzen dugunean, zer uste dugu? Ba dagoela ala ez dagoela, benetan, datu guzti horien atzean gizon eta emakume boteretsu zenbaiten eskurik?
”Pobrezia debekaturik dago,” idatzi araztea exijituko bagenu Konstituzioan utopikotzat eta errealitatetik at dagoen jendetzat hartuko gintuzkete. Holako utopiak izan dira, baina, gizakia aurrerabidean jarri dutenak historian zehar.
Pobreziaren erantzukizun zuzena dutenak egon badaude, ordea, eta horiek izan, ez lehortea, ez beldurrezko indarra duten lurrikarak edo tsunamiak dira. Ezikusia eta diskriminazioa egiten duten Gobernu eta Nazioarteko Erakundeei zor zaie pobrezia. Merkatuari zor zaiola dio zenbaitek. Nork erantzukizunik ez duen leku horri, alegia. Ekonomiaren globalizazioa ematen ari den momentu honetan areagotu egin da hau.
Erabaki politikoak dira, baina, milioika pertsona pobreziara eraman dituztenak bizi dugun mundu honetan. Zergei, lan harremanei, Seguridade Sozialari, hezkuntza edo osasunaren hedakuntzari buruz hartzen diren erabakiek zerikusi ziurra dute milioika pertsonen bizitzetan.
Nazioarteko Diru Fondoa, Munduko Bankua eta Merkataritzako Erakunde Mundutarra dira estatu askotako zerbitzuak, lehendik jada ahulak, ezerezera eramaten ari direnak. Beren egokitze estrukturalezko programetaz baliatzen dira horretarako.
Pobrezia ez da nahitaezkoa. Ez da gizaki globalak, a zer erremedio, jasan behar duen alde hori. Ez da berez etorri edo etortzen den zerbait. Norbaitzuei zor zaie, eta desagerrarazi daiteke. Geuri dagokigu, gure erantzukizuna da, pobrezia hori gure herrian desager dadin politika publiko egokiak exijitzea.